Lege-esparru berria FSLN gobernura itzultzean
FSLN alderdia 2006ko presidentziarako hauteskundeetan garaile izan zenean, Latinoamerikan sexu bereko pertsonen arteko sexu-harreman baimenduak zigortuta zeuden herrialde bakarra zen Nikaragua.
1992. urtean, Violeta Barrios agintean zela, 150. Legea onartu zen. Horren bidez, Zigor Kodea erreformatu zen, eta 204. artikulua txertatu zen. Artikulu horrek espezifikoki tipifikatzen zuen sodomia: “Sodomia-delitua egiten du sexu bereko pertsonen arteko koitoa bultzatzen, sustatzen, horren aldeko propaganda egiten edo era eskandalagarrian egiten duenak. Urtebetetik hiru urtera bitarteko zigorra jasoko du. Egiten duen batek (baita era pribatuan ere) bestearengan diziplina- edo aginte-ahala duenean (aurreko ahaidea, zaintzailea, irakaslea, burua eta abar) edota autoritate-eragina edo eragin morala dakarren beste edozein kontzepturen kasuan, sedukzio bidegabearen zigorra aplikatuko zaio, eta erantzule bakarra izango da”.
2004. urtean Amnesty International erakundeak adierazi zuenez, “204. artikuluaren formulazioan erabilitako terminoak hain dira zabalak eta zehaztugabeak” delitua, sexu-harremanak dituzten sexu bereko bi pertsonek ez ezik, “lesbianen eta gayen eskubideak defendatzea, sexualitateari buruzko osasun-informazioa ematea edota heterosexualen kasuan zigortuta ez dauden zirkunstantzietan harreman homosexualak izatea” sustatzen dutenek ere egiten dute1.
2008. urtean, Batzar Nazionalak Zigor Kode berria (641. Legea) onartu zuen2. Indarrean jarri zenetik, 204. artikulua Nikaraguako legeriatik ezabatu zen, eta sexu-orientazioagatiko diskriminazioari lotutako jokabideak zigortzen dira. Bereziki, 36. artikuluak zehazten duenez, delituaren zigor-erantzukizunaren inguruabar astungarrien barruan sexu-orientazioagatik diskriminatzea dago, eta, horregatik, ILGA elkarteak interpretatu du Nikaraguako legeriak “gorroto-krimen” kontzeptua lantzen duela, eta “sexu-orientazioan oinarritutako gorroto-krimenak inguruabar astungarritzat” hartzen dituzten munduko 20 herrialdeen artean kokatu du Nikaragua.
Hala ere, lege hori indarrean jarri zenetik orain arte, ez da 36. artikulua aplikatu (delitua eraginpean hartutako pertsonaren sexu-orientazioagatik egin dela argudiatuta). LGBTI aktibistek diotenez, ez da jarraibide eta araurik ezarri justizia-operadoreek delitua biktimaren sexu-orientazioagatik egin dela jakiteko irizpideak izan ditzaten.
Indarrean dagoen Zigor Kodearen arabera, pertsonen eskubide eta berme konstituzionalen aurkako delitua da diskriminazioa. 427. artikuluak arraza, genero, sexu-orientazio, ezgaitasun, hizkuntza edo gizarte-mailagatiko diskriminazioa debekatzen du, 428. artikuluak diskriminazioa sustatzen duena zigortzen du, eta 315. artikuluak, berriz, 6 hilabetetik urtebetera bitarteko espetxe-zigorra ezartzen dio lan-eremuan sexu-aukeragatik diskriminatzen duenari.
2009ko azaroan, Sexu Aniztasunerako Prokuradoretza Berezia (PEDS) sortu zen Giza Eskubideen Prokuradoretzaren barruan, eta Safo talde lesbikoko koordinatzaile Samira Montiel izendatu zuten prokuradore. Prokuradoretza horren zereginak honako hauek dira: erakunde publikoetan LGBTI pertsonak ez diskriminatzeko betebeharra betetzen den ikuskatzea, funtzionarioak sexu-aniztasunaren giza eskubideen arloan heztea, “herrialdeko LGBTI komunitatearen eskubideak itzultzen lagunduko duten lege-proiektuak, administrazio-erreformak, nazioarteko konbentzioak eta gainerako lege-gorputzak” proposatzea, eta LGBTI komunitatea Prokuradoretzaren barruan salaketa bat jartzeko dauden mekanismoen inguruan orientatzea.
2014. urtean, LGBTI kolektiboetan eragin handia izan zuten bi lege onartu ziren, haien eskubideak kontuan hartu gabe: Familia Kodea eta Emakumeen aurkako Indarkeriari aurre egiteko Lege Integrala. LGBTI kolektiboa kontuan hartu zuen lege bakarra (kontzeptuzko esparruan, ez, ordea, legearen gorputzean) 820. Legea izan zen. Legea 2012an onartu zen, “GIBaren eta HIESaren aurrean giza eskubideak sustatu, babestu eta defendatzeko”.
Legegintza-aurrerapen horiek gorabehera, LGBTI pertsonek diote egunero bizi dituztela diskriminazio-egoerak. 2010. urtean egindako ikerketa baten arabera1, inkesta egin zuten 1.295 LGBTI pertsona guztiek adierazi zuten diskriminazioa jasan zutela eskola-sisteman, % 48k familiaren esparruan, % 23k lantokian eta % 12k osasun-sisteman.
Amnesty Internationalen ustez, “sexu-aniztasuna babesteko legeriaren arloko aurrerapen horiek oraindik hasi baino egin ez den lege-esparru baten eraikuntzaren hasiera dira. Ardatza sexu-orientazioagatiko diskriminaziorik eza bada ere, ez da oinarrizko konstituzio-eskubide gisa eta giza eskubideen ikuspegi garbi batetik lantzen. Era berean, sexu-orientazioan edo genero-identitatean oinarritutako “gorroto-krimen” kontzeptua ez da kontuan hartzen Nikaraguako legerian”.
Bikotea eta familia osatzeko eskubidea
LGBTI pertsonek berdintasunezko lege-tratu bat jasotzea eragozten dieten lege-oztopoei egin behar diete aurre. Familia Kode berriak ezartzen du familia dela gizartearen oinarrizko nukleoa, legeen babesa behar duela eta ezkontza gizon baten eta emakume baten artean baino ezin dela gauzatu. Aldi berean, esplizituki debekatzen du sexu bereko pertsonez osatutako bikoteek adoptatzeko aukera.
Familia Kodeak sexu bereko pertsonez osatutako bikoteak aintzatesten ez dituenez gero, LGBTI pertsonek ezin dute aseguru medikorik, pentsiorik edo kalte-ordainik jaso bikotekidearen istripu, gaixotasun edo heriotzaren kasuan. LGBTI bikoteek ezin dute banku-mailegurik lortu finantza-erakundeek aintzatesten ez dituztelako, eta ezin dituzte eskuratu gobernuak familiei eskaintzen dizkien gizarte-babeseko etxebizitzak edo beste gizarte-programa batzuk. Familia Kodearen ondoriozko mugez gain, ez dago legerik trans pertsonei beren lege-agirietan genero-identitatea islatzeko aukera ematen dienik.
Osasunerako eskubidea
Osasun Ministerioak osasun-sistemara jotzean sexu-orientazioagatiko diskriminazio mota oro debekatzen duen 249. ministro-dekretua aldarrikatu zuen 2009. urtean. 2014an, berriz, osasun-unitate publiko eta pribatuetan sexu-orientazio, genero-identitate eta/edo genero-adierazpenagatik, GIBaren eramailea izateagatik edo sexu-lanean aritzeagatik diskriminatzea debekatzen duen 671. Legea onartu zen.
Ministerioak bat egin zuen VICITS estrategiarekin1 2011. urtean, eta GIBa duten heterosexualak ere hartzen dituzten 4 VICITS klinika instalatu zituen. 2015. urtean, Arreta Integraleko Klinikak jarri zituen abian, LGBTI pertsonei osasun-premia berezietan laguntzeko. Gaur egun, HIESaren aurkako Munduko Funtsak finantzatutako 36 klinika daude.
LGBTI erakunde batzuek osasun-arloko langileak LGBTI pertsonen arazo espezifikoei eman beharreko erantzunaren inguruan prestatzeko egindako ahaleginak gorabehera2, aktibistek diote egunero egiazta daitezkeela estigmatizatzen ez duen osasun-arreta bat jasotzeko dauden arazoak eta osasun-zentroetan eta ospitaleetan LGBTI pertsonak diskriminatzeko dauden moduak (irekiak eta zoliak).
Adibidez, LGBTI pertsonek ezin dute odolik eman, emakume lesbianak eta transexualak ez dira kontuan hartzen bularreko minbiziari aurrea hartzeko kanpainetan, GIBaren inguruko kanpainek gizonezkoen preserbatiboaren erabilera dute ardatz (beste sexu-harreman mota batzuk ahaztuta), eta trans identitatea oraindik ere nahasmendu psikologikotzat hartzen da Nikaraguako unibertsitateetan erabiltzen diren osasun mentaleko eskuliburuetan.
Nolanahi ere, bereziki kezkagarria da lesbianen osasun-egoera: % 66k inoiz ez du bularren azterketa bat egin, % 50ek inoiz ez du papanicolau bat egin, eta % 40k baino ez du egin GIBaren proba. Emakume horiek diotenez, ginekologoek “sexualki ez-aktibotzat” hartzen dituzte penetraziorik gabeko sexu-harremanak dituztelako, eta horren araberakoa da jasotzen den arreta mota, erabiltzen diren tresnak eta kontuan hartzen diren osasun-arazoak. Gainera, inkestaren arabera, 5etik 2k uste dute lesbianak direlako ezin dutela GIBa harrapatu. Seguruenik, GIBaren prebentzioari eta transmititzeko moduei buruzko informazioaren alderdi maskulino nabarmenaren eraginez gertatzen da hori.
GIBaren prebentzioari eta arretari dagokionez, Munduko Funtsak ematen dituen baliabideak Nikaraguako Segurtasun Institutuak (INSS) kudeatzen ditu, eta Ministerioen eta GIBari lotutako 32 GKEen artean banatzen ditu. LGBTI erakunde batzuek diote funtsak gobernuarekin kritikoak ez diren GKE “salubristentzat” izaten direla.
Lanerako eskubidea
Adierazitako inkestaren arabera, LGBTI pertsonen langabezia-maila Nikaraguako herritar guztienaren bikoitza da, eta % 25era iristen da. 4 LGBTI pertsonatik batek dio diskriminatuta sentitu dela lantokian, eta horrela sentitu ez direnek onartu dute “kontratatuko ez zituzten edo lana galduko zuten beldurrez beren sexu-orientazioa edo genero-identitatea ezkutatu dutelako” izan dela.
Eskola-eremuan jasaten dituzten diskriminazioak direla eta, eskola-uztea handiagoa da LGBTI pertsonen kasuan. Horregatik, gutxi dira bigarren hezkuntza amaitzen dutenak, eta are gutxiago unibertsitatera iristen direnak. Horren guztiaren ondorioz, LGBTI pertsona gehienek sektore informalean baino ez dute lana aurkitzen, eta perfumeak, freskagarriak eta janaria saltzen aritzen dira.
Justiziarako eskubidea
LGBTI pertsonek atxiloketa arbitrarioak jasaten dituzte (adibidez, poliziak trans emakumeak atxilotzen ditu sexu-lanean ari direnean, baina lan bera egiten ari diren emakume biologikoak bakean uzten dituzte), eta atxilotu ondoren zirikatu egiten dituzte, ez dituzte errespetatzen eta tratu iraingarria jasotzen dute. Gainera, egiten dituzten salaketak gutxietsi egiten dituztela, “maritxuen arteko auzitzat” hartzen dituztela eta polizia-ikerketarik eta erasotzaileen auzitaratzerik eragiten ez dutela diote.
2010eko inkestak agerian utzi zuenez, elkarrizketa egin zutenen % 17k gutxienez behin atxilotu zituztela adierazi zuten, baina atxilotutako 7tik bat baino ez zen epaitu. Hau da, atxilotutako 7tik 6 ez zituzten salatu eta auzitaratu, eta, beraz, behin-behineko espetxeratze-aginduak jasan zituzten inolako oinarri administratibo edo judizialik gabe. Gainera, LGBTI pertsonak salatzen dituztenean, haien ustez “subjektiboak” diren delituengatik salatzen dituzte, egiten dituenaren eta ikusi dituzten polizien iritziaren araberakoak baitira: 4tik 3 “bide publikoan sortutako eskandaluagatik” edo “ekintza immoralengatik” salatzen dituzte.
Amnesty Internationalen azterlanak, bestalde, agerian utzi du gayak trans emakumeak baino ausartagoak direla Polizia Nazionalean salaketa bat aurkezteko garaian. Erasoengatik jarritako salaketen % 55 gayek aurkeztu zituzten, eta % 45 trans emakumeek. Horren arrazoia trans emakumeek polizia-etxeetara hurbiltzeko duten beldurra da, aurretik polizien tratu txarrak eta abusuak jasan izan baitituzte kalean edo polizia-etxeetan.
Trans emakueam: diskriminatuenak eta erasotuenak
Trans emakumeak kalteberenak eta beren burua emakumetzat hartzeagatik diskriminazio eta indarkeria gehien jasaten dutenak dira LGBTI kolektiboaren barruan.
Trans emakumeak dira hezkuntza-mailarik txikiena dutenak: % 10 baino ez dira ikasketa teknikoak edo unibertsitate-ikasketak egin dituztenak (LGBTI pertsona guztiak kontuan hartuta, ehunekoa % 36ra iristen da). Halaber, diskriminatuenak dira ikastetxeetan (babesteko beharra argudiatuta, gauez eta larunbatetan baino ezin dira klasera joan), jazarpenak eta erasoak jasaten dituzte, eta gainerako LGBTI pertsonen maiztasun bikoitzarekin uzten dituzte ikasketak. Irakasleen diskriminazioari ere aurre egin behar diote, ez baitiete gonak edo soinekoak eramaten edota ile luzea izaten uzten. “Bigarren hezkuntza sentitu eta nahi bezala janzten den trans emakume gisa amaitzea balentria da”.
2016. urteaz geroztik osasun-arloko langileek trans emakumeentzako arreta espezifikoari buruzko eskuliburu bat badute ere (Asociación Nicaragüense de Transgéneras-ANIT elkarteak egina), osasun-arloko profesional gehienek trans identitatea nahasmendu psikologikoa dela uste dute oraindik. Bestalde, 2014. urtean, HIESaren intzidentzia % 18ra iritsi zen kolektibo horretan (% 9,7ra gizon gayen kasuan).
Era berean, diskriminatuta daude lana lortzeko garaian, eta lantokietan gainerakoek baino diru-sarrera txikiagoak izaten dituzte. Legeak beren identitatea islatzeko agiriak aldatzea eragozten dienez gero, lan bat eskatzen dutenean jaiotzean esleitutako sexua eta izena eta sarritan benetako itxurarekin bat ez datorren argazkia agertzen dituzten agiriak aurkeztu behar izaten dituzte. Hori guztia dela eta, trans emakumeen ohiko aukera sexu-lana izaten da, baina horrek arazo handiagoak ekartzen dizkie, hala nola GIBa, drogak eta indarkeria. Zehazki, 10etik 8k adierazi dute indarkeria jasan dutela, eta 3tik 1 sexu-harremanak izatera behartu dute (gainerako LGBTI pertsonen proportzioaren bikoitza).
Era berean, atxilotu, salatu eta auzitaratutako pertsonen ehunekoak bikoitzak dira trans emakumeen kasuan, gainerako LGBTI pertsonekin alderatuta: 3tik 1 atxilotu dute noizbait, 6tik 1 salatu dute, 18tik 1 auzitaratu dute, eta 14tik 1ek jasan ditu sexu-abusuak espetxean edo polizia-etxeetan (43tik 1ek gainerakoen kasuan). Horrez gain, trans emakumeak dira erlijio-ordezkariek gehien jazartzen dituztenak.
Bestalde, trans gizonak LGBTI komunitateko kolektiborik ikusezinena dira. Ez dago haiei buruzko azterlanik. Batzuek kolektibo lesbikoetan parte hartzen dute –ARTEMISA eta ADESNI kolektiboetan–, eta trans gizonen sare bakarra –eta birtuala– ezagutzen da, TRANSMEN NICARAGUA izenekoa.