El Salvadorreko legeria
Araudi orokor horretan oinarrituta, 2009. urteaz geroztik El Salvadorko botere betearazlea izan duten ezkerreko gobernuek eta botere legegileak hainbat neurri positibo hartu dituzte LGBTI komunitatearen giza eskubideak babesteko:
- 2009. urtean, San Salvadorko Udal Kontseiluak, alkatea Violeta Menjívar (FMLN) zelarik, maiatzaren 17a “Genero-orientazio eta genero-identitateagatiko diskriminazio mota ororen aurkako Udal Egun” deklaratu zuen.
- Halaber, 2009. urtean, Osasun Ministerioak “sexu-orientazioagatiko diskriminazio mota oro desagerraraztea” erabaki zuen, eta erabakia administrazio-bulegoetan, ospitaleetan, osasun-unitateetan, osasun-etxeetan edo osasun-sareko arreta publikoko beste edozein zentrotan lan egiten zuten osasun-langileei zuzenduta zegoen, sexu-orientazioagatik inor diskrimina ez zezaten.
- 2010. urtean, Mauricio Funes presidenteak Administrazio Publikoan sexu-orientazioagatik eta/edo genero-identitateagatik diskriminatzea debekatzen duen 56. Dekretu Betearazlea sinatu zuen. Hala ere, dekretua ez zaie aplikatzen botere judizialari, botere legegileari eta tokiko gobernuen erakundeei, eta ezin da Lanaren Kodera eta Zerbitzu Zibilaren Legera zabaldu, lege tertziarioa baita.
- Halaber, 2010. urtean, gobernuak Sexu Aniztasunaren Zuzendaritza sortu zuen Gizarteratze Idazkaritzaren barruan, LGBTI kolektiboko kideei herritarren oinarrizko giza eskubideak, eskubide ekonomikoak, sozialak, zibilak eta politikoak bermatuko zizkieten politika publikoak bultzatzeko eta homo-lesbo-transfobiarik eta sexu-orientazio eta genero-identitateagatiko ezein diskriminaziorik gabeko zerbitzu eta guneen sorkuntza sustatzeko, bertan pertsona guztiak duintasunez eta errespetuz trata daitezen.
- 2011n onartutako Emakumeak Indarkeriarik gabe Bizitzeko Lege Berezi Integralak emakume orok indarkeriarik gabeko bizitza baterako duen eskubidea bermatzen du, eta diskriminazioa debekatzen du legearen aplikazioan. Gainera, sexu-identitatea esplizituki jasotzen du diskriminazioaz babestutako kategorien artean.
- 2011. urtean onartutako eta CEDAW konbentzioaren printzipioei jarraikiz formulatutako Berdintasunari, Ekitateari eta Emakumeen aurkako Diskriminazioa Desagerrarazteari buruzko Legeak emakumeen aurkako diskriminazioa debekatzen du. Hala ere, PDDHak eta Nazio Batuen Garapenerako Programak (UNDP) 2013. urtean adierazi zutenez, lege horrek “ez ditu aitortzen trans emakumeen desabantaila sozial eta ekonomikoak, eta ez du irizpiderik ezartzen bere baitan trans pertsonak eta LGBTI komunitateko beste kide batzuk jasotzeko”.
- 2013. urtean, Gizarteratze Idazkaritzak Sexu Aniztasunari lotutako Laguntza eta Arreta Ildoa sortu zuen. Ildo horrek 131 telefono-zenbakiarekin funtzionatzen du, eta aholkularitza psikologikoa eta lege-arlokoa eskaintzen du. Gaur egun, bulego-orduetan baino ezin da erabili 131 zenbakia.
- Halaber, 2013. urtean, Sexu Aniztasunaren Zuzendaritzak Sexu-aniztasunari buruzko autoprestakuntza-eskuliburua landu zuen, segurtasun publikoko erakundeetako langileei zuzenduta (Segurtasun Publikoko Akademia Nazionaleko eta PNCko kideei). Dokumentu horretan, LGBTI komunitateko kide izatearen esanahiari buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk, mito eta errealitateei buruzko atal bat (“gizon gayak haurren erasotzaileak dira”, dio eskuliburuaren bidez desagerrarazi nahi den mitoetako batek) eta generoarekin sentikorrak diren prozedurei eta sexu-aniztasunari buruzko gomendioak (hala nola LGBTI kolektiboko kideen aurkako indarkeria, mehatxu edo jazarpenen kasuetan agenteak proaktiboak izatea edota kolektibo horretako presoentzako kartzela-gela bat egokitzea) daude jasota.
- 2014. urtean, Lan Ministerioak leihatila berezi bat ireki zuen LGBTI komunitateak egungo sei “Emakume Hiritan” plaza hutsak bete ahal izan zitzaten. Ministerioak sexu-aniztasunari lotutako pertsonen kaleratzeen jarraipena egiten du Administrazio Publikoan, eta enplegu-feriak antolatzen ditu.
- 2015. urtean, gorrotoari lotutako krimen eta mehatxuengatiko zigorrak handiagotzea lortu zuen LGBTI kolektiboak. Zigor Kodean aldatutako 129. artikuluak gorroto-krimena tipifikatzen du, eta 60 urtera arteko espetxe-zigorrak ezartzen ditu arrazan, etnizitatean, erlijioan, afiliazio politikoan, genero-identitate eta/edo genero-adierazpenean eta sexu-orientazioan oinarritutako gorrotoaren ondoriozko homizidioen kasuan. 155. artikuluak zigor gogorragoak ezartzen ditu adierazitako kategorietan oinarritutako gorrotoaren ondoriozko mehatxuen kasuetarako.
- 2016. urtean, Osasun Ministerioak “LGBT kolektiboko kideen osasun-arreta integralerako ildo teknikoak” onartu zituen, eta LGBTI gaixoentzako arreta espezifikoa bideratu zuen osasun-unitateetan, “zerbitzu hobea emateko, genero-identitatea babestu eta errespetatzeko eta diskriminazioa saihesteko”. 2017. urtean kolektibo lesbiko batzuek adierazi dutenez, “LGBTI pertsonentzako osasun-arreta espezifikoaren protokoloa ez da aplikatzen ari”.
- 2017ko urtarrilean, GIBak eragindako Infekzioaren Prebentzio eta Kontrolari buruzko Lege berria jarri da indarrean. Lege horren helburua sektore publikoan zein pribatuan biztanleen osasuna zaintzea eta, horretarako, GIBa duten pertsonen arreta integralerako legeria giza eskubideak errespetatzeko ikuspegiarekin eguneratu eta sendotzea da. Hala ere, GIBari lotutako gaiak lantzen dituzten LGBTI erakundeen ustez, onartutako legea “oso murritz eta light” geratu da, eta ez die erantzuten beren eskariei. Horregatik, erreforma-proposamenak aurkeztuko dituzte.
Hiru itzal juridiko handi
- El Salvadorrek ez du talde marjinalizatuak eta kalteberak (LGBTI pertsonak barne) babesten dituen diskriminazioaren aurkako lege orokorrik, baina Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna berretsi du (eta LGBT pertsonen diskriminazioaren aurkako babesa txertatzeko interpretatu du itun hori).
- Familia Kodearen arabera, “ezkontzaren, ezkontzaz kanpoko loturaren edo ahaidetasunaren ondorioz eratutako gizarte-talde iraunkorra” da familia, eta ezkontza, berriz, “gizon eta emakume jaiotako bi pertsonaren lege-lotura, bizitza-komunitate iraunkorra eta erabatekoa ezartzeko helburua duena”. Ezkontzaren definizio horrek baztertu egiten ditu sexu bereko pertsonen arteko, gizon jaiotako pertsona baten eta emakume transexual baten arteko edota emakume jaiotako pertsona baten eta gizon transexual baten arteko ezkontzak edo lotura zibilak.
Ezkontzaz kanpoko lotura, berriz, “ezkontzeko lege-eragozpenik izan gabe gutxienez hiru urteko aldi batean bizitza askatasun osoz elkarrekin eta era berezi, jarraitu, egonkor eta nabarian egiten duten gizon baten eta emakume baten arteko lotura” da. Beraz, LGBTI pertsonek ezartzen dituzten bikote-harremanek ez dute lege-babesik ondare-alderdiei eta alderdi pertsonalei dagokienez, eta ez da onartzen ezein ahaidetasun mota LGBTI bikotekideen artean. Halaber, “adopziozko seme-alabatasunari” buruzko artikuluen arabera, sexu bereko pertsonez osatutako bikoteek edo transexual batekin osatutako bikoteek ezinezkoa dute adoptatzea.
- Era beran, ez dago genero-identitateari buruzko legerik, nahiz eta, trans erakundeen Latinoamerikako sareak (REDLACTRANS) adierazi duenez, “trans pertsonen lege-aitorpenik eza komunitate horrek bazterkeria, marjinazioa eta diskriminazioa jasan izanaren arrazoi nagusietako bat den”.
Trans pertsonen eskubideen urraketa espezifikoak
Identutate pertsonala eta izena edukitzeko eskubidea
2012. urtean trans emakumeen egoerari buruz egindako txostenean1 adierazten denez, Pertsona Naturalen Erregistro Nazionalak (RNPN) ez du legez aitortzen pertsona orok –trans emakumeak eta trans gizonak barne– bere dokumentu ofizialetan agertzen den izen eta argazkiaren eta bere identitate eta genero-adierazpenaren arteko koherentzia lortzeko duen eskubidea.
Izenari buruzko Legeak ezartzen du “izen propioaren aldaketa eskatzeko eskubidea, sexuari dagokionez ekibokoa denean”, baina transexualei, transgeneroei eta intersexualei ez die aukerarik ematen beren burua identifikatzeko erabiltzen duten izena eskuratzeko.
Trans emakumeen % 42k adierazi dutenez, arazoak edo eragozpenak izan dituzte Nortasun Agiri Bakarra (DUI) edo beste identifikazio-dokumentu bat erabili dutenean, haien genero-identitatea ez baitator bat dokumentuan agertzen den argazkiarekin. Batzuek, gainera, arazoak izan dituzte zenbait izapide egitean, hala nola herentzia bat jasotzean, mailegu bat eskatzean, zordunketa-txartel batekin ordaintzean eta pasaportea erabiltzean. Beste trans emakume batzuek adierazi dute lekukoak eskatu izan dizkietela dokumentuaren jabeak direla frogatzeko, eta gizonak eta emakumeak bereizten dituzten instantzietan, gizonen taldeetan jarri dituzte. Bestalde, trans emakumeen % 70 inguruk zailtasunak izan dituzte Estatuak egiten dituen nortasun-agiriak izapidetzean.
Lanerako eskubidea
Trans emakumeen % 85ek sexu-lanean dihardute edo jardun dute bizirauteko, eta % 45ek 180 US $-tik beherako diru-sarrerak dituzte hilean. Gainera, % 40k lan informalak egiten dituzte, hots, gizarte-onurarik gabe (hala nola kosmetologo- edo merkatari-lanak azoketan eta kalean), % 5ek baino gutxiagok egiten dute lan enpresa pribatuetan, eta % 10 langabeak dira.
Trans emakumeek diote beren genero-adierazpenak zailtasunak dakarzkiela enplegu formal bat lortzeko, ia erakunde publiko eta pribatu guztiek ukatu egiten baitiete lan egiteko eskubidea.
Hezkuntzarako eskubidea
Trans emakumeen ehuneko handi samar bat hezkuntza formalera iristen bada ere, bigarren hezkuntza (batxilergoa) amaitzen dutenen proportzioa % 36 baino ez da, eta % 4 baino ez dira goi-mailaren batera iristen (maila teknikora edo unibertsitate-mailara). Eskola uzten duten trans emakumeen kopurua oso handia da, gaueko ordutegian baino ezin baitute ikasi (beste ordutegi batzuetan ez dituzte onartzen). Halaber, % 48k diote eskolako edo institutuko irakasleen eta beste langile batzuen aldetik diskriminazioa, bazterkeria, indarkeria edo jazarpena jasan izan dutela genero-identitateagatik.
Osasunerako eskubidea
Pertsona guztiek osasun fisiko eta mentalaren mailarik handienaz inolako diskriminaziorik gabe gozatzeko eskubidea dutela aitortzen bada ere, Osasun Kodean ez da transen (transexual, transgenero eta trabestien) genero-identitatea aipatzen, eta horrek eragotzi egin du trans emakumeentzako osasun-zerbitzu espezializatuak sortu eta abian jartzeko aukera.
Trans emakumeek ezin dituzte jaso generoa berresleitzeko beharrezkoak diren tratamenduak, eta beren kabuz genero-trantsizioa egiten ari direnek ere ez dute orientaziorik jasotzen. El Salvadorko trans emakumeak medikuen babesik gabe autohormonatzen dira.
Osasun Kodeak ez du debekatzen genero-identitatea osasun-nahasmendutzat hartzea, ezta genero-identitatea tratatu, sendatu, aldatu edo desagerrarazteko jardunbide mediko eta psikologiko kaltegarriak –eta nahitaezkoak– ere. Era berean, ez du debekatzen sexu- edo genero-identitate bat inposatzeko prozedura mediko eta kirurgikoen bidez haur intersexualen gorputzean alterazio atzeraezinak egitea.
Gizarte-prestazioak jasotzeko eskubidea
Gizarte Aseguruaren Legeak (ISSS) eskubidedunaren mendeko pertsonentzako onurak, pentsioak, kuotak eta beste zerbitzu batzuk ezartzen ditu. Baina horiek guztiak ez dira legitimoak trans emakumeen familia-harremanen kasuan. Izan ere, ez datoz bat Familia Kodean estipulatutako kontzeptuekin, eta eskubidedunen bikotekideak diren trans emakumeak (eta alderantziz) baztertuta geratzen dira.
Segurtasunerako eta indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea
Adierazitako txostenean adierazten denez, trans emakumeen % 53k heriotza- edo indarkeria-mehatxuak jaso dituzte, nagusiki transfobiaren eta gaizkile taldeek sexu-lanerako inposatutako estortsioaren ondorioz. Halaber, azterlan horretatik ondoriozta daitekeenez, trans emakumeen % 46k beren bizitzaren edo osotasun fisikoaren aurkako atentatuak jasan dituzte, batez ere komunitatean, kalean, leku publikoetan (hala nola azoka, parke edo autobus-terminaletan), espetxeetan eta abar.
Preso dauden edota PNCren delegazioetako ziegetan atxilotu dituzten trans emakume batzuek aipatu dute jo eta zauritu egin dituztela gizon presoekin, atxilotuekin eta zaintzaileekin sexu-harremanak eduki nahi ez zituztelako. Halaber, adierazi dute erasotzeko edo hiltzen saiatzeko objekturik ohikoenak honako hauek direla: arma zuriak (ganibetak), su-armak, objektu ebakitzaile eta mingarriak (harriak eta makilak) eta beste objektu batzuk, hala nola lakioak eta eskuak urkamendu bidez itotzeko, ukabilak eta oinak jotzeko, eta substantzia jakin batzuk (piper-gasa, adibidez).
Ez dago trans gizonei buruzko azterlan espezifikorik
Azterlanik ez badago ere, trans aktibistek adierazi dute trans gizonek neurri txikiagoan jasaten dutela eguneroko diskriminazioa ikasteko edo lan egiteko garaian, emakume gisa ikasten edo lan egiten baitute. Agian horregatik, “trans gizon asko ez dira horrela autoidentifikatzen, lesbiana maskulino gisa baizik (butch)”.
Halaber, diskriminazio bikoitza jasaten dutela sentitzen dute: alde batetik, gizartearena (transexualitate eta transgeneritate maskulinoari buruzko informaziorik ez dagoelako), eta, bestetik, gainerako LGBTI kolektiboena (gay askoren matxismo eta falozentrismoaren, emakume lesbiana askoren onarpenik ezaren –“ez zaie gure genero-adierazpena axola, gure sexu-organoak baizik”– eta “topaketa feministetatik botatzen dituzten feminista erradikal” askoren onarpenik ezaren ondorioz. Trans gizonek ez dute sentimendu horietaz hitz egiten gainerako LGBTI kolektiboekin.
Azkenik, adierazi beharra dago ez dagoela trans gizonen erailketei buruzko estatistikarik. Izan ere, baldin badaude, feminizidio gisa geratzen dira erregistratuta. Hala ere, aktibistek egiaztatu dute trans gizonen erailketak ankerkeria bereziarekin egiten direla, “hiltzaileek ez baitituzte gizontzat hartzen, eta arrotzak dira beraientzat”.